XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denboraren araberako ordenak baditu bere konbentzioak; horrela, jarraipen kronologikoak eta denboraren jauziek badute zerikusirik gaiarekin edota hiztun/idazlearen afektibotasunarekin; era berean, ordena kronologiko naturala hausten denean hori normalean ikur adberbial berezien bitartez adierazi ohi da, edota aditz-denbora markatuen bidez, hala nola ingelesezko iraganaldia.

Entzule edo irakurleen ikuspegitik, koherentzia interpretazioari lotuta dago, entzule/irakurleak bere ezagutza linguistikoak, ezagutza soziokulturalak eta egoeraren inguruko zertzeladak erabiliko dituelako diskurtso-zati bat erlazionatzeko testutik harantz dauden objektu edo gertaerekin (objektu edo gertaera horiek benetakoak zein irudimenezkoak izan daitezkeela).

Grice-k (1975) erakutsi duenez, berez berbaldia koherentetzat jotzen da, baldin eta ez bada ezinezkoa funtzio bat inferitzea eta balizko interpretazio bat sortzea.

Ahozko eta idatzizko testu-tipo desberdinen egitura generikoa berbaldiaren analisiaren aztergaia da (Halliday eta Hasan, 1989; Swales, 1990).

Hizkuntza orok bere eskema formalak dauzka (Carrel 1984), eta eskema horiek zenbait jenerori lotuta daude.

Idatzizko jenero batzuen egitura gehiago definitu ahal da beste batzuena baino, adibidez ikerketen azalpenen egitura (sarrera, metodoak, emaitzak, iruzkina).

Antzera, ahozko zenbait jenero, sermoia kasurako, egituratuago egoten dira ahozko kontaketa baino. Azken jenero honek irekiagoa dauka bukaera, baina, hala ere, errepikatu ohi diren ezaugarri multzo bat dauka (hasiera/kokaera, korapiloa, konponbidea, hori guztia denbora eta partaideak jasotzen dituen marko baten barruan).

Gaur egun jeneroa analizatzeko hurbilkera ugari ditugu (ikus Swales, 1990), Biber-en planteamendu konputazionala (1988) barne, hain argigarri eta baliotsua berori.

Solasaren egitura berea du ahozko elkarrizketaren txandakatze-sistemak (Sacks, Schegloff eta Jefferson, 1974), eta diskurtsoaren gaitasunaren azken alderdia dugu, geure eskemaren arabera.

Arlo honek zeresan handia dauka gaitasun komunikatiboan eta hizkuntzen irakaskuntzan (ikus Richards, 1990), gizakiek beren arazoak bideratzeko daukaten funtsezko bidea baita elkarrizketa.

Txandakatzeari lotutako konbentzioak solasarekin erlazionatuta egon ohi badira ere, garrantzitsua da konturatzea ahozko beste jenero batzuetan ere azal daitezkeela, adibidez kontaketan, entrebistan edo hitzaldian.

Honako hauek guztiak dagozkio txandakatze-sistemari: zelan hasi eta ber-hasi elkarrizketak, zelan atera gaiak eta zelan aldatu, zelan eraman solasaren pisua eta zelan utzi, zelan eman itzulbidezko seinaleak (hau da, solaskideak berbetan jarraitzeko feedback laburrak, hitzezkoak nahiz bestelakoak), zelan moztu hitza besteari, zelan lagundu (hots, mintzaideari edo mintzaidearekin batera esaldiak edo hitzak bukatu), eta zelan eman aurrebukaera eta bukaera solasaldiari.

Prozedura interaktibo hauek guztiak diskurtsoa arautzeko taktiken bidez (Kasper, 1989: 190) eta solaseko lokuzioen bidez burutzen dira